ETA erakundearen agiria.
      Le Journal du Pays Basquen argitaratuta 2001eko abenduaren 1a, eta GARA eta EUSKALDUNON EGUNKARIAn abenduaren 2a.


      «Oraintsu hitz egin dute arduradun jelkide batzuk ozen eta goraki ''Euskal Herriak armaz inposaturiko proiekturik ez duela onartuko'' aldarrikatzeko. Aldarrikapen hori ez dute egin gure lurra armez ere menpean duten Espainiako eta Frantziako armaden aurrean; ez dute Jendarme, Nazional izeneko bi polizia gorputz eta Guardia Zibilaren au- rrean egin. Ez, ETAren aurrean agertu dira hain tinko eta oldarkor. Noiz eta ETAk Espainiako ordenu eta legedia konstituzionala sutsuki defendatzeari ekin dion Ertzaintzaren aurkako ekintza baten ondoren. Badute kopeta! Ardanzarena ''Comodos en España''ren aroa izan bazen, Ibarretxerena ''Iruzurraren aroa'' izango da abertzaleentzat.

      Uda honetan Aznarrek eta Ibarretxek, Rajoyk eta Balzak, Morenesek eta Legardak, PNV eta PPren arteko desadostasun antzerkiaren gainetik beren jendaurreko lehen akordio gunea Euskal Herriaren aurkako zanpaketa armatuan aurkitu zuten. Geroztik, lehenago gutxi ez ziren arren bata bestearen atzetik burutu dituzte operazio polizialak eta militarrak ''Ertzaintzak eta beste indar polizialek'' (Ibarretxeren gobernukideek izendatzea maite duten eran). Beren koordinazio bileretan planifikatzen dute Euskal Herriaren alde lanean ari garenon guztion aurkako operazio militarrak noiz, nork eta nola burutu. Arrakastaren dominak nori banatu, informazioa nork erabil dezakeen hobeki, eta abar luze eta ezkutua.

      Ertzaintza, ustez herriaren zaintza egin behar omen zuen indar polizial hori, Euskal Herriaren Espainiaren menpe mantentzeko duen sare politiko-instituzional-ekonomiko eta errepresiboaren begi garrantzitsua da. Espainiako indar polizialak ez ziren depuratu frankismotik ateratzerakoan, eta La Salven bazkaltzen eta Intxaurrondon eskuz esku aritzearen aritzeaz kutsadura faxista berbera dute ertzainek ere, Euskal Herriaren gorrotoa zainetan sartuta asko eta askorentzat. Gaur trafikoa zuzentzen dute txukun eta bihar, beren herriaren aurka aritzeak sortzen dien lotsa mozorro beltzarekin ezkutatuz, herritarrak jipoitu, atxilotu, hil, torturatu eta atzerriratzen dituzte, Espainiako legedia txintxo-txintxo betez.

      Ertzaintzak bai defendatzen duela armaz proiektu politiko inposatu bat: Euskal Herria zatitu eta irtenbiderik gabe uzten duen autonomismo zatikatzaile eta errejionalistarena. Espainiako Konstituzio inposatutik datorren Moncloako Estatutuaren morroiak dira. Espainia batuaren morroi dira.

      Jaurlaritzako gobernukideek izen ttipiz ezagutzen dituzte ertzainak, ETAren aurka direnak eta ez direnak egingo dutela zin egiten dute, baina Euskal Herriak jasaten duen zinezko zanpaketaren aurrean ez dute txintik ere esaten, zanpaketa horren bertsio berriak bilatzeari ekin diote. 2001. urtean PNV, EA eta IUk PPrekin eta PSOErekin diru kontuetaz (Kontzertu Ekonomikoa eta Bizkaia, Gipuzkoa eta Jaurlaritzaren aurrekontuak) adostasuna lortzeko erakusten duten grina, proposamen gaitasuna eta malgutasun handia, alderdi horiek beren 1999an, ETAren ekintzen etenaldiaren erdian, Euskal Herriarentzat demokrazia eta bakea ekartzeko bidean urrats erabakigarriak egitearren ezker abertzalearekin hitz egin, eztabaidatu eta adosteko erakutsi duten apatia, gorreria eta zurruntasunarekin parekatzeko modukoak dira. Alde- raketa horretatik agertuko da garbi norberaren interesak eta asmoak non dauden.

      Gertatuak gertatu, Euskal Herriaren eraikuntzarako eta euskal demokrazia gure lurrera ekartzeko ezker abertzalearen proposamena eta eskua zabalik dago beti. Autodeterminazio eskubidea indarrean jartzearen alde lan eta borroka egiteagatik ez da inongo ''proiektu politiko armaz inposatzea'' guztiz kontrakoa baizik; Euskal Herriaren oinarrizko eskubide demokratikoak errespetatuak izan daitezen lan eta borroka egitea ez da inongo ''proiektu politiko armaz inposatzea'' alderantziz baizik; horixe da Eskal Herrira bakea ekartzeko modu bakarra. Eta ezker abertzalearen borroka konpromisoa da hori. Eta etorkizuna ere hor dago.

      Ertzaintzari dagokionez, uniformearen koloreari begiratu gabe, Guardia Zibil eta Espainiako Poliziarekin osagarritasunean, ordezkatze lanetan eta lankidetzan Euskal Herriaren alde borrokan ari direnean aurka aritzen den heinean, aurrerantzean ere bere zigortze eta zanpaketa lanaren araberakoa izango da ETAren aldetik jasoko duen ordaina».

      Índice home